12 Erregeak, artean gaua zelarik, jaiki eta esan zien bere ministroei:—Nik adieraziko dizuet nolako azpikeria asmatu duten siriarrek gure kontra: goseak gaudela badakitenez, kanpalekutik irten eta landan gorde dira, gu hiritik aterako garelakoan. Orduan, gu bizirik harrapatu eta hirian sartzeko asmoa dute, inondik ere.
13 Ministroetarik bat honela mintzatu zen:—Har ditzagun hirian gelditzen diren zaldietarik bost, hirian gelditzen diren israeldar guztien bukaera bera izango baitute bestela ere. Bidal ditzagun eta ikusiko dugu.
14 Bi guda-gurdi beren zaldiekin prestatu eta siriar gudarostearen aztarna bila bidali zituen erregeak, esanez:—Zoazte eta ikus!
15 Abiatu ziren, beraz, eta Jordaneraino jarraitu zieten siriarren aztarnei; bide guztia siriarrek beren ihesi zalapartatsuan botatako jantzi eta gauzez josia zegoen. Mandatariak erregeari berri ematera itzuli ziren.
16 Orduan, jendeak atera eta harrapatu egin zituen siriarren kanpalekuko gauzak. Honela, huskeria batean eros zitezkeen zazpi kilo irin garbi nahiz hamalau kilo garagar, Jaunak esan bezala.
17 Erregeak bere laguntzaile nagusi hura bidali zuen hiri-sarrera zaintzera; baina jendeak zanpatu eta hil egin zuen bertan, Jainkoaren gizonak, erregea etortzean, esan bezala.
18 Izan ere, Jainkoaren gizonak esana zion erregeari: «Bihar, ordu honetan huskeria batean erosi ahal izango dituzue Samariako merkatuan zazpi kilo irin garbi nahiz hamalau kilo garagar».