1 Judako Asaren erregealdiko hogeita hamaseigarren urtean, Israelgo errege Baxa Judaren kontra borrokatzera abiatu zen. Rama hiria gotortu egin zuen, Asaren joan-etorriak eragozteko.
2 Orduan, Asak Jaunaren etxeko eta bere jauregiko altxortegietan zeuden urre-zilarrak hartu eta Damaskon bizi zen Siriako errege Ben-Hadadi bidali zizkion, esanez:
3 «Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gure aitak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».
4 Onartu zuen Ben-Hadadek Asa erregeak esana, eta bere gudarosteko ofizialak Israelgo hiriei erasotzera bidali zituen; Iion, Dan, Abel-Maim eta Neftali eskualdeko biltegi ziren hiri guztiak hondatu zituzten.
5 Hau jakin zuenean, Baxa erregeak Rama gotortzeari utzi eta eten egin zituen lanak.
6 Orduan, Asak Judako bizilagun guztiei dei egin eta Rama gotortzeko Baxak erabili zituen harri eta oholak eraman egin zituen, Geba eta Mitzpa gotortzeko.
7 Aldi hartan, Hanani profeta Judako errege Asarengana joan eta honela mintzatu zitzaion: «Zergatik hartu duzu lagun Siriako erregea, Jauna, zeure Jainkoa, hartu beharrean? Horregatik egin dizu eskutik ihes Siriako erregearen gudarosteak.