10 Hona non datozkigun erasoan orain amondarrak, moabdarrak eta Seir mendietakoak. Gure arbasoei, Egiptotik etortzean, ez zenien haien lurraldeetan sartzen utzi; israeldarrek itzulingurua egin zuten eta ez zituzten hondatu.
11 Begira nola ordaintzen diguten orain: zeuk jabetzan eman zenigun lurraldetik gu botatzera datoz.
12 Oi gure Jainko, ez ote diezu emango merezi dutena? Ez dugu indarrik jendetza izugarri horri aurre egiteko, eta ez dakigu zer egin. Baina zuregana zuzentzen ditugu begiak».
13 Judako herri osoa, emakume, seme-alaba eta haurtxoak ere bai, Jaunaren aurrean zegoen zutik.
14 Batzarra bildurik zegoela, Jaunaren espirituak Asafen taldeko lebitar bat, Jahaziel, hartu zuen; Jahaziel Zakariasen semea zen, hau Benaiasena, hau Jeielena eta hau Mataniasena.
15 Lebitarrak esan zuen: «Entzun ongi zuek, Juda eta Jerusalemgo jendeok, eta zuk, Josafat errege horrek! Hau diotsue Jaunak: “Ez izutu, ez izan beldur jendetza izugarri horren aurrean. Ez zarete zuek borrokatuko, Jainkoa bera baizik.
16 Bihar Tzitz aldapan gora abiatuko dira; jaitsi zuek beraien kontra; Jeruel basamortuaren aurrean dagoen haitzarte-zokoan aurkituko dituzue.