10 Hala ere, libratu egin ziren edomdarrak Judaren agintepetik, gaur arte. Libna hiria ere aldi berean libratu zen.Izan ere, zapuztua zuen Joramek Jauna, bere arbasoen Jainkoa.
11 Joramek berak eraiki zituen Judako muinoetan kultu-lekuak, Jerusalemgo jendea sasijainkoak gurtzera bultzatuz eta Juda okerbideratuz.
12 Elias profetak idatzi hau bidali zion: «Hau dio Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: “Ez diozu jarraitu zeure aita Josafaten eta Judako errege Asaren jokabideari,
13 Israelgo erregeen jokabideari baizik: Juda eta Jerusalemgo jendeari sasijainkoak gurtzera eragin diozu, Akaben senitartekoek bezala. Gainera, zu baino hobeak ziren zeure anaiak, zeure aitaren etxekoak, hilarazi dituzu.
14 Horregatik, Jaunak zigor ikaragarria bidaliko die, bai zure herriari, bai zure seme-alaba, emazte eta ondasun guztiei.
15 Zeuri ere gaixotasun asko bidaliko dizu, batez ere hesteetako minbizia; egunean baino egunean okerrago joango zara, eritasunaz hesteak kanpora atera arte”».
16 Orduan, Jaunak Joramen kontra xaxatu zituen filistearrak eta etiopiarren auzoko diren arabiarrak.