12 Elias profetak idatzi hau bidali zion: «Hau dio Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: “Ez diozu jarraitu zeure aita Josafaten eta Judako errege Asaren jokabideari,
13 Israelgo erregeen jokabideari baizik: Juda eta Jerusalemgo jendeari sasijainkoak gurtzera eragin diozu, Akaben senitartekoek bezala. Gainera, zu baino hobeak ziren zeure anaiak, zeure aitaren etxekoak, hilarazi dituzu.
14 Horregatik, Jaunak zigor ikaragarria bidaliko die, bai zure herriari, bai zure seme-alaba, emazte eta ondasun guztiei.
15 Zeuri ere gaixotasun asko bidaliko dizu, batez ere hesteetako minbizia; egunean baino egunean okerrago joango zara, eritasunaz hesteak kanpora atera arte”».
16 Orduan, Jaunak Joramen kontra xaxatu zituen filistearrak eta etiopiarren auzoko diren arabiarrak.
17 Eraso zioten Judari, sartu eta jauregian aurkitutako ondasun guztiak eraman zituzten, baita erregearen seme-alaba eta emazteak ere. Ez zioten utzi seme txikiena baizik, Joakaz.
18 Ondoren, Jaunak erraietako gaixotasun sendaezinaz jo zuen Joram.