7 Jaunak ez zuen Daviden errege-etxea hondatu nahi izan, Davidekin egina zuen itunarengatik, hitzemana baitzion beraren ondorengoak izanen zirela beti errege Jerusalemen.
8 Joramen erregealdian Judaren agintearen aurka jaiki ziren edomdarrak, berentzat erregea izendatuz.
9 Joramek mugaz beste aldera jo zuen bere buruzagiekin eta guda-gurdi guztiekin. Gauez jaiki eta garaitu egin zituen setiatua zeukaten edomdarrak eta hauen guda-gurdien buruzagiak.
10 Hala ere, libratu egin ziren edomdarrak Judaren agintepetik, gaur arte. Libna hiria ere aldi berean libratu zen.Izan ere, zapuztua zuen Joramek Jauna, bere arbasoen Jainkoa.
11 Joramek berak eraiki zituen Judako muinoetan kultu-lekuak, Jerusalemgo jendea sasijainkoak gurtzera bultzatuz eta Juda okerbideratuz.
12 Elias profetak idatzi hau bidali zion: «Hau dio Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: “Ez diozu jarraitu zeure aita Josafaten eta Judako errege Asaren jokabideari,
13 Israelgo erregeen jokabideari baizik: Juda eta Jerusalemgo jendeari sasijainkoak gurtzera eragin diozu, Akaben senitartekoek bezala. Gainera, zu baino hobeak ziren zeure anaiak, zeure aitaren etxekoak, hilarazi dituzu.