8 Lebitarrek eta Judako guztiek zehatz bete zuten Joiada apaizak agindua. Zerbitzua larunbatez hasten nahiz bukatzen zuten gizonak denak batera hartu zituzten; izan ere, Joiadak ez zien alde egiteko baimenik eman txanda bukatzen zutenei.
9 Orduan, lantzak eta Jaunaren etxean zeuden David erregearen era guztietako babeskiak eman zizkien Joiada apaizak ehuntariei.
10 Gero, jende hura guztia, armak eskuetan, tenpluaren eskuinaldetik ezkerraldera ezarri zuen, aldare eta tenpluaren tartean, erregea inguratzeko.
11 Orduan, erregearen semea aterarazi, koroa ezarri eta itunaren agiria eman zioten, errege izendatuz. Joiadak eta beronen semeek gantzutu egin zuten, oihukatuz: «Gora erregea!»
12 Lasterka eta erregeari oihuka zebilen jendearen zarata-hotsa entzutean, Atalia Jaunaren etxera zuzendu zen, jendearengana.
13 Eta begiratzean, erregea ikusi zuen oholtzaren gainean zutik, tenpluaren sarreran. Buruzagiak eta turuta-jotzaileak erregearen ondoan zeuden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zebilen, turutaren soinura. Kantariek, beren musika-tresnak joz, gorespen-kantuak zuzentzen zituzten. Orduan, Ataliak, bere soinekoak urratuz, garrasi egin zuen:—Traizioa! Traizioa!
14 Orduan, Joiada apaizak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, agindu zien gudarostearen buruzagi ziren ehuntariei:—Atera ezazue tenplutik, zeuen artetik. Norbaitek jarraitzen badio, hil ezpataz.