12 Judakoek beste hamar mila gizon bizirik harrapatu zituzten eta, harkaitz-tontorrera igoarazirik, amildu egin zituzten handik.
13 Bien bitartean, Amatziasek berekin gudura eraman ordez etxera bidali zuen gudari-taldea Judako hirietan barrena ibili zen, Samariatik Bet-Horoneraino, hiru mila pertsona hilez eta harrapakin ugari ostuz.
14 Edomdarrak garaitu eta itzultzean, berekin ekarri zituen Amatziasek Seir-en ondorengo ziren haien idoloak eta, bere jainkotzat harturik, haien aurrean ahuspeztu eta intsentsua erre zien.
15 Haserretu zitzaion Jauna Amatziasi eta profeta bat bidali zion, esatera:—Zergatik jo duzu sasijainko horiengana, beren herria zure eskuetatik ezin izan dute libratu eta?
16 Bukatzen utzi gabe, erregeak ihardetsi zion:—Erregearen aholkulari izendatu al haugu? Aski duk! Hiltzea nahi al duk?Profetak hau besterik ez zuen gehitu:—Badakit Jainkoak zu suntsitzea erabaki duela, horrela jokatu eta nire aholkua entzun ez duzulako.
17 Orduan, Judako errege Amatziasek, aholkua eskaturik, mezulariak igorri zizkion Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, esatera: «Zatoz, neur ditzagun indarrak!»
18 Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez garduak esan omen zion Libanoko zedroari: “Emaiok alaba nire semeari emaztetzat”. Baina Libanoko basabere batek hankazpian hartu zuen gardua.