17 Azarias apaiza haren atzetik sartu zen Jaunaren beste laurogei apaiz ausartekin eta,
18 Uzias erregeari aurre eginez, esan zioten: «Uzias, ez dagokizu zuri Jaunaren ohorez intsentsua erretzea, Aaronen jatorriko apaizei baizik; horretarako baitaude sagaratuak. Irten toki santu honetatik! Oker jokatu duzu; horrek ez zaitu ospetsu egingo Jainko Jaunaren aurrean».
19 Uzias, intsentsua erretzeko intsentsu-ontzia eskuan zuela, haserretu egin zen apaizen kontra. Baina une hartantxe, apaizen aurrean, Jaunaren etxean bertan, intsentsu-aldarearen ondoan zegoela, legena atera zitzaion bekokian.
20 Azarias apaiz nagusiak eta beste apaiz guztiek, bekokian legena zuela ikustean, bizkor irtenarazi zuten handik, eta bera ere arrapaladan joan zen, Jaunak joa zegoelako.
21 Uzias erregea legendun egon zen hil arte; horregatik, etxe berezi batean bizi behar izan zuen. Eta Jaunaren etxera ere ezin zen sartu. Bitartean, beraren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herriko jendea.
22 Uziasen gainerako jarduerak, lehenetik azkenera, Amotzen seme Isaias profetak idatzi zituen.
23 Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Uzias, erregeen hilobien inguruan, legenduna zela ziotelako. Ondorengo erregea haren seme Jotam izan zen.