9 Dorreak eraiki zituen Jerusalemen, Kantoiko ate gainean, Haranekoaren gainean eta Izkinan, eta sendotu egin zituen.
10 Basamortuan ere eraiki zituen dorreak, putzu ugari zulatu zuen, abere-talde asko baitzuen Xefela lautadan eta goi-lautadan; baita nekazariak eta mahastilariak ere mendietan eta alorretan, nekazaritza gogoko baitzuen.
11 Guduari ekiteko beti prest zuen Uziasek gudarostea, Jeiel idazkariak eta Maaseias funtzionarioak egina zuten izen-hartzearen arabera gudari-taldetan antolatua. Hananias, erregearen buruzagietako bat, zuten gudalburu nagusi.
12 Gudari ausart haien ofizialak bi mila eta seiehun familiaburu ziren.
13 Haien menpe, hirurehun eta zazpi mila eta bostehun gudari indartsu eta ausart zeuden, erregea etsaien aurka defendatzeko.
14 Uziasek babeskiz, lantzaz, buru-oskolez, bular-oskolez, arkuz eta habailetarako harriz hornitu zuen gudarostea.
15 Gizon trebe batek asmaturiko tramankuluak eginarazi zituen Jerusalemen, dorre eta kantoietan ezarriz, gezi eta harri handiak jaurtitzeko. Jainkoaren laguntza miragarriaz indartsu egin zen eta haren izena urrutiraino zabaldu zen.