18 Apaizek, orduan, Ezekias erregeagana joan eta esan zioten: «Egin dugu Jaunaren etxe osoaren garbikuntza, baita erre-oparietarako aldarearena, eskainiriko ogien mahaiarena eta berauetako tresna guztiena ere.
19 Eta Akaz erregeak, bere erregealdiko maltzurkeriak zirela eta, baztertu zituen gauza guztiak ere atera ditugu, garbitu eta Jaunaren aldare aurrean ezarri».
20 Biharamunean goizean goiz, hiriko agintariak bildu eta Jaunaren etxera igo zen Ezekias erregea.
21 Zazpi zezen, zazpi ahari, zazpi bildots eta barkamen-oparitarako zazpi aker ekarri zituzten, errege-etxearen, santutegiaren eta Judaren alde eskaintzeko. Jaunaren aldarean eskaintzeko agindu zien erregeak Aaronen ondorengo apaizei.
22 Hauek, orduan, zezenak hil eta odola harturik, aldarea zirtatu zuten; era berean, ahariak eta, azkenik, bildotsak ere hil ondoren, haien odolaz aldarea zirtatu zuten.
23 Ondoren, barkamena eskatzeko hil behar zituzten akerrak erregearen eta biltzarraren aurrera eramanik, denek eskuak luzatu zituzten haien gainera.
24 Gero, apaizek akerrak hil eta aldare gainera isuri zuten odola, Israel osoaren bekatuen barkamena eskatuz. Izan ere, erre-opari eta barkamen-opari haiek Israel osoaren alde eskaintzeko agindua zuen erregeak.