25 Honek, bestalde, Jaunaren etxean ezarri zituen lebitarrak beren txilin, harpa eta zitarekin, Davidek eta honen profeta Gadek eta Natan profetak agindua zuten eran. Agindu hura Jaunak berak emana zuen bere profeten bidez.
26 Lebitarrak, beraz, beren tokietan jarri ziren Davidek eginiko musika-tresnekin, eta apaizak turutekin.
27 Eta Ezekiasek aginduriko erre-oparia aldarean eskaintzen hasi ziren une berean hasi zuten haiek Jauna goresteko kantua ere, turutez eta Israelgo errege Davidek eginiko musika-tresnez lagundurik.
28 Erre-oparien eskaintza bukatu arte jardun zuten kantatzen eta turutak jotzen; bitartean biltzar osoa ahuspezturik egon zen.
29 Eta erre-oparia bukatzean, erregea eta beronekin ziren guztiak ahuspeztu egin ziren.
30 Ezekias erregeak eta buruzagiek Jauna goresteko esan zieten lebitarrei, Davidek eta Asaf profetak eginiko kantuz. Bozkarioz beterik goretsi zuten lebitarrek Jauna; ondoren, makurturik, gurtu egin zuten.
31 Gero, Ezekiasek esan zion biltzarrari: «Zuek ere Jaunarentzako eskua bete eskaintza dakarzue. Aurreratu eta ekarri Jaunaren etxera zeuen oparigaiak eta esker oneko eskaintzak». Orduan, jendeak esker oneko eskaintzak egin zituen. Eskuzabalenek erre-opariak ere egin zituzten.