10 Mezulariak hiriz hiri ibili ziren Efraim eta Manasesen lurraldeetan zehar, eta Zabulon lurralderaino ere heldu ziren; baina burla eta barre egin zieten.
11 Hala ere, Axer, Manases eta Zabulonen lurraldeetan batzuk amore eman eta etorri ziren Jerusalemera.
12 Juda lurraldean, berriz, Jainkoaren eraginez, denek bat egin zuten erregearen eta buruzagien agindua betetzeko, Jaunak esanaren arabera.
13 Jendetza izugarria bildu zen Jerusalemen Legamia gabeko Ogien Jaia bigarren hilabetean ospatzera. Biltzarra oso-oso handia izan zen.
14 Jerusalemen ziren sasikultuko aldare guztiak, baita intsentsua erretzeko aldareak ere, kendu eta Zedron errekara jaurti zituzten.
15 Bigarren hilaren hamalauan Pazko-bildotsa hil zuten. Apaizek eta lebitarrek, garbikuntza egin ezaz lotsaturik, garbikuntza egin eta erre-opariak eskaini zituzten Jaunaren etxean.
16 Jainkoaren gizon izan zen Moisesen legeak dioenez eta beraien arautegiak agintzen duenez, apaizak eta lebitarrak nor bere tokian ari ziren: lebitarrek odola eman eta apaizek isuri.