2 Izan ere, erregeak, buruzagiek eta Jerusalemgo jendeak, batzarturik, Pazkoa bigarren hilabetean ospatzea erabakia zuten.
3 Ezin izan zuten bere garaian ospatu, garbikuntza eginiko apaizak aski ez zirelako eta jenderik ere bildu ez zelako Jerusalemen.
4 Ongi iruditu zitzaien hori bai erregeari, bai biltzar osoari.
5 Beer-Xebatik hasi eta Danerainoko israeldar guztiei deia zabaltzea erabaki zuten, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, Pazko-jaia Jerusalemen ospatzera etor zitezen, gehienek ez baitzuten ospatu agindua dagoen eran.
6 Mezulariak, erregearen eta buruzagien gutunak harturik, Israel eta Juda osoan barrena ibili ziren, erregearen aginduz mezu hau emanez: «Israeldarrok, itzul zaitezte Jaunarengana, Abrahamen, Isaaken eta Israelen Jainkoarengana. Bera ere itzuliko da, Asiriako erregearen eskuetatik ihes egin eta bizirik gelditu zaretenongana.
7 Ez izan zeuen guraso eta senideen antzeko, baztertu egin baitzuten Jauna, beren arbasoen Jainkoa. Horregatik, era izugarrian hondatu zituen, zeuen begiz ikus dezakezuenez.
8 Ez izan, beraz, burugogor, zeuen gurasoen antzera. Hurbil zaitezte Jaunarengana, eta zatozte berak betiko sagaratu duen santutegira. Obeditu Jaunari, zeuen Jainkoari, eta berak aldenduko du zuengandik bere haserre-sumina.