18 Ordezkari haiek ahots handiz eta hebreeraz mintzo zitzaizkion Jerusalemgo harresi gainean zegoen jendeari, ikara eta beldur zedin, horrela hiriaz jabetu ahal izateko.
19 Atzerritarrek giza eskuz eginak dituzten sasijainkoetako bat bailitzan mintzatu ziren Jerusalemgo Jainkoaz.
20 Egoera horretan, Ezekias erregeak eta Amotzen seme Isaias profetak otoitz egin zuten, zerura deituz.
21 Orduan, Jaunak aingerua bidali zuen eta aingeruak Asiriako erregearen gudarosteko gudari adoretsu guztiak, buruzagiak eta ofizialak hondatu egin zituen.Senakeribek, lotsaz beterik, bere herrira itzuli behar izan zuen. Eta bere jainkoen jauretxera sartu zenean, bere semeek hil zuten ezpataz.
22 Honela salbatu zituen Jaunak Ezekias eta Jerusalemgo bizilagunak Asiriako errege Senakeriben eta gainerako etsaien eskuetan erortzetik. Eta bakea eman zien alde guztietan.
23 Askok, orduan, eskaintzak eraman zizkioten Jaunari Jerusalemera, baita esku-erakutsiak ere Judako errege Ezekiasi. Gertakari honen ondoren, Ezekiasek ospe handia izan zuen nazio guztien aurrean.
24 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Jaunari otoitz egin eta Jaunak miraria eginez erantzun zion.