23 Askok, orduan, eskaintzak eraman zizkioten Jaunari Jerusalemera, baita esku-erakutsiak ere Judako errege Ezekiasi. Gertakari honen ondoren, Ezekiasek ospe handia izan zuen nazio guztien aurrean.
24 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Jaunari otoitz egin eta Jaunak miraria eginez erantzun zion.
25 Ezekiasek, aldiz, ez zuen erantzun hartutako mesedeari zegokionez, harrotu egin baitzen. Horregatik, Jaunaren haserrea piztu zen haren kontra eta Juda eta Jerusalemen kontra.
26 Baina bai Ezekias bera, bai Jerusalemgo bizilagunak, beren harrokeria aitorturik, apaldu egin ziren, eta Jaunak ez zituen zigortu Jerusalemgo bizilagunak Ezekias bizi izan zen artean.
27 Aberastasun eta ospe handiak izan zituen Ezekiasek. Zilar, urre, harribitxi, usainki, babeski eta era askotako gauza baliotsu ugari bildu zuen.
28 Mandioak egin zituen, gari-, ardo- eta olio-uztak gordetzeko, baita ukuiluak ere era guztietako abereentzat, eta eskortak artaldeentzat;
29 abere nahiz artalde ugari baitzuen, Jainkoak ondasun asko eman zionez. Hiriak ere eraiki zituen.