6 Eta buruzagiak gudarostearen gidari ezarri ondoren, jendea hiri-sarrerako plazan bilarazi eta sutsu hitz egin zien, esanez:
7 «Izan sendo eta adoretsu! Ez izutu, ez beldurtu halako gudaroste handiarekin datorren Asiriako errege horren aurrean, gurekin dagoena indartsuago baita horrekin dagoena baino.
8 Giza indarra baizik ez du horrek; guk, ordea, Jauna, geure Jainkoa, dugu geurekin, laguntzeko eta gurekin borrokatzeko».Judako errege Ezekiasen hitz hauek bizkortu egin zuten herria.
9 Aldi baten buruan, bere gudarostearekin Lakixen zegoen Senakeribek, Asiriako erregeak, bere ordezkariak bidali zituen Jerusalemera, Judako errege Ezekiasi eta herri osoari honako hau esatera:
10 «Hau dio Asiriako errege Senakeribek: “Zertan duzue halako uste ona, Jerusalemen, hiri setiatuan, jarraitzeko?
11 Zuek engainatzen ari da Ezekias, goseak eta egarriak hil zaitezten; horregatik esan dizue, Asiriako erregearen eskuetatik Jaunak, zeuen Jainkoak, libratuko zaituztela.
12 Baina ez al ditu, bada, Ezekiasek berak kendu Jainko horren kultu-lekuak eta aldareak, Judako eta Jerusalemgo jendeari aldare bakar baten aurrean ahuspeztu eta intsentsua aldare horretan eskaintzeko aginduz?