8 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean, lurraldearen eta tenpluaren garbikuntza egin ondoren, Atzaliasen seme Xafani, hiriko gobernari zen Maaseiasi eta Joakazen seme Joah idazkariari Jaunaren, bere Jainkoaren, etxea konpontzeko mandatua eman zien erregeak.
9 Hauek Hilkias apaiz nagusiagana joan eta Jainkoaren etxean bildutako dirua eman zioten. Diru hura Manases, Efraim eta Israelgo beste lurraldeetako jendeak, Juda, Benjamin osoko eta Jerusalemgo jendeak emana zen, eta atezain zeuden lebitarrek jasoa.
10 Jaunaren etxeko konponketen arduradunei eman zieten dirua; hauek, berriz, tenplua konpontzen eta berritzen ari ziren langileei.
11 Zurginei eta igeltseroei ere eman zieten, harlanduak eta zura eros zitzaten, habeak egiteko eta Judako erregeek hondatzen utzi zituzten eraikuntzen hormak eta habeak berritzeko.
12 Zintzo ari ziren langile haiek lanean. Merariren ondorengoetako Jahat eta Obadias, eta Kehaten ondorengoetako Zakarias eta Mexulam lebitarrak ziren lan haiek zuzentzeko arduradunak. Musika-tresnak jotzen zekitenez, lebitarrek
13 gidatzen zituzten eramaileak eta zuzentzen gainerako langileak. Beste lebitar batzuk idazkari ziren, begirale nahiz atezain.
14 Behinola, Jaunaren etxerako emana zen dirua ateratzen ari zirelarik, Jaunak Moisesi emaniko lege-liburua aurkitu zuen Hilkias apaizak.