6 Pazko-bildotsa hiltzen. Egin ezazue zeuen buruaren garbikuntza, eta lagundu zeuen senide israeldarrei Pazkoa ospatzen, Moisesen bidez Jaunak agindutakoaren arabera».
7 Josias erregeak, bere ondasunetatik, hogeita hamar mila bildots eta antxume eman zizkien han ziren herritar guztiei, Pazko-opariak eskain zitzaten, eta beste hiru mila idi ere bai.
8 Erregearen ministroek ere abere ugari eman zieten bai jendeari, bai apaiz eta lebitarrei ere. Jainkoaren etxeko arduradun ziren Hilkiasek, Zakariasek eta Jehielek ere bi mila eta seiehun Pazko-bildots eta hirurehun idi eman zizkieten apaizei Pazko-oparitarako.
9 Lebitarburu ziren Konaniasek eta beronen senide Xemaiasek eta Netanelek, baita Haxabiasek, Jeielek eta Jozabadek ere bost mila bildots eta bostehun idi eman zizkieten lebitarrei Pazko-oparitarako.
10 Pazko-ospakuntza honela eratu zuten: apaizak beren tokietan jarri ziren, baita lebitarrak ere beren mailen arabera, erregeak agindu bezala.
11 Pazko-bildotsak hil ondoren, apaizek, lebitarren eskuetatik hartutako odola zirtatu egiten zuten; bitartean, lebitarrek larrutu egiten zituzten eskainitako abereak.
12 Senitarteka harturik, zegokien zatia herritarrei eman ondoren, aparte jartzen zuten Jaunari erre-oparitzat eskaini beharrekoa, Moisesen liburuan idatzia dagoen bezala, eta hori bera egiten zuten idiekin.