9 Lebitarburu ziren Konaniasek eta beronen senide Xemaiasek eta Netanelek, baita Haxabiasek, Jeielek eta Jozabadek ere bost mila bildots eta bostehun idi eman zizkieten lebitarrei Pazko-oparitarako.
10 Pazko-ospakuntza honela eratu zuten: apaizak beren tokietan jarri ziren, baita lebitarrak ere beren mailen arabera, erregeak agindu bezala.
11 Pazko-bildotsak hil ondoren, apaizek, lebitarren eskuetatik hartutako odola zirtatu egiten zuten; bitartean, lebitarrek larrutu egiten zituzten eskainitako abereak.
12 Senitarteka harturik, zegokien zatia herritarrei eman ondoren, aparte jartzen zuten Jaunari erre-oparitzat eskaini beharrekoa, Moisesen liburuan idatzia dagoen bezala, eta hori bera egiten zuten idiekin.
13 Gero, erre zuten Pazko-bildotsa, agindua dagoen bezala, eta gaineratiko eskaintzak eltze, pertz eta lapikoetan egosi eta herritarren artean banatu zituzten arretaz.
14 Ondoren, berentzat eta apaizentzat prestatu zuten lebitarrek Pazko-afaria; izan ere, Aaronen ondorengo ziren apaizek arratsa arte jardun zuten opariak eta gantzak erretzen.
15 Asafen ondorengo ziren kantariek beren lanean jardun zuten, Davidek, Asafek, Hemanek eta erregearen profeta zen Jedutunek agindutakoaren arabera. Atezainak ere beren tokietan egon ziren. Ez zuten beren zerbitzua utzi beharrik izan, beraien kideko ziren lebitarrek prestatu baitzieten haiei ere Pazko-afaria.