5 tenpluraino igo zuten, elkarketa-etxola eta bertako gauza sakratu guztiekin. Apaiz lebitarrek eraman zuten.
6 Salomon erregeak eta beronekin kutxaren aitzinean bildua zegoen israeldar batzar osoak zenbatu ezin ahalako ardi- eta idi-multzo handia eskaini zuten oparitan.
7 Apaizek bere tokian ezarri zuten Jaunaren itun-kutxa, tenpluko santutegian, hau da, toki santu-santuan, hegaldun izakien hegalpean.
8 Izan ere, kutxa zegoen tokiaren gainera zabalduak zituzten hegaldun izaki haiek beren hegoak, kutxa eta beronen hagak gainetik estaliz.
9 Haga hauek luzeak zirenez, muturrak atera egiten ziren kutxatik, eta santutegi aurretik ere ikus zitezkeen, baina kanpotik ez. Han dago kutxa gaurdaino.
10 Kutxan ez zegoen Horeb mendian Moisesek bertan ipini zituen bi harlauzak besterik, Egiptotik irten ondoren Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren harlauzak besterik ez, alegia.
11 Atera ziren apaizak santutegitik. Eginak zituzten denek garbikuntzak, bakoitzaren mailari begiratu gabe.