27 entzuiozu zerutik. Barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi egin behar duen bide zuzena eta isuri euria ondare eman zenion lurrera.
28 «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan,
29 norbaitek nahiz Israel zure herri osoak, bere okerraz eta atsekabeaz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu,
30 entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu nork bere jokaeraren ordaina har dezan, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; jakin ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri.
31 Horrela, begirune izanen dizute eta zure bideetan ibiliko dira, gure gurasoei eman zenien lurraldean biziko diren bitartean.
32 «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada,
33 entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Eta, gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari.