2 Apaizak ezin ziren Jaunaren etxean sartu, Jaunaren aintzak betetzen baitzuen tenplua.
3 Israeldar guztiek, sua jaitsi eta Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuela ikustean, lurreraino makurturik, Jauna adoratu eta goretsi zuten, esanez: «Ona baita, haren maitasuna betikoa baita».
4 Erregeak, herri osoarekin, sakrifizioak eskaini zizkion Jaunari.
5 Hogeita bi mila idi eta ehun eta hogei mila ardi eskaini zituen Salomon erregeak. Horrela sagaratu zioten tenplua Jainkoari erregeak eta herri osoak.
6 Apaizak beren tokian zutik zeudelarik, lebitarrek, David erregeak Jauna goresteko egin zituen musika-tresnak eskuetan, Davidek berak asmaturiko kantua abesten zuten: «Haren maitasuna betikoa baita». Haien aurrez aurre, beste apaiz batzuek turutak jotzen zituzten. Israeldarrak zutik zeuden.
7 Salomonek Jaunaren etxe aurreko atariaren erdigunea sagaratu egin zuen, erre-opariak eta elkartasun-oparietako gantzak bertan eskaintzeko. Izan ere, Salomonek eginiko brontzezko aldarea txikiegi gertatu zen hainbeste erre-opari, labore-opari eta gantz hartzeko.
8 Orduan, Salomonek, Israel osoarekin batera, Etxola Jaia ospatu zuen zazpi egunez. Jendetza handia batzartu zen, Hamateko sarreratik hasi eta Egiptoko erreka bitarteko lurralde guztietatik etorria.