6 Apaizak beren tokian zutik zeudelarik, lebitarrek, David erregeak Jauna goresteko egin zituen musika-tresnak eskuetan, Davidek berak asmaturiko kantua abesten zuten: «Haren maitasuna betikoa baita». Haien aurrez aurre, beste apaiz batzuek turutak jotzen zituzten. Israeldarrak zutik zeuden.
7 Salomonek Jaunaren etxe aurreko atariaren erdigunea sagaratu egin zuen, erre-opariak eta elkartasun-oparietako gantzak bertan eskaintzeko. Izan ere, Salomonek eginiko brontzezko aldarea txikiegi gertatu zen hainbeste erre-opari, labore-opari eta gantz hartzeko.
8 Orduan, Salomonek, Israel osoarekin batera, Etxola Jaia ospatu zuen zazpi egunez. Jendetza handia batzartu zen, Hamateko sarreratik hasi eta Egiptoko erreka bitarteko lurralde guztietatik etorria.
9 Aldarea sagaratzeko jaia zazpi egunez egin ondoren, zortzigarrenean biltzar nagusia egin zuten; jaiak zazpi egun iraun zuen.
10 Ondoren, zazpigarren hilaren hogeita hiruan, Salomonek etxera bidali zuen jendea; hau, alai eta bihotza bozkarioz beterik joan zen, Davidi, Salomoni eta bere herri Israeli Jaunak egin zien onarengatik.
11 Salomonek Jaunaren etxea eta jauregia eta haietan egin nahi izan zuen guztia bukatu zituenean,
12 Jaunak gauez agertu eta esan zion: «Entzun dut zure otoitza, eta toki hau hautatu dut opariak bertan eskain diezazkidaten.