4 Basamortuan Tadmor hiria eta Hamat lurraldean ere hiriak eraiki zituen, janari-biltegi izateko.
5 Bet-Horon Goikoa eta Bet-Horon Azpikoa ere berreraiki zituen; hiri gotortuak izan ziren hauek, harresi, ate, morroilo eta guzti.
6 Orobat, Baalat eta beronenak ziren biltegi-herrixkak berreraiki zituen, baita guda-gurdi eta zaldiak gordetzekoak ere. Nahi izan zuen guztia eraiki zuen Salomonek, nola Jerusalemen hala Libanon eta bere menpeko lurralde osoan.
7 Israeldar ez ziren hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren artetik bizirik gelditu zirenak,
8 hau da, israeldarrek suntsitu ezinik herrialde hartan gelditu zirenen ondorengoak, lan egitera behartu zituen Salomonek, gaurdaino.
9 Israeldarren artetik, ordea, ez zuen inor esklabo izatera behartu; baizik eta bere gudari, ofizial eta gurditeriaren eta zalditeriaren arduradun egin zituen.
10 Salomonek antolatu zituen lanen arduradun-buruak, berriz, berrehun eta berrogeita hamar ziren; hauek gainbegiratzen zituzten langileak.