10 «Jerusalemen eta Judean bizi garenok, arduradunek eta Judas Makabearrak, Ptolomeo erregearen kontseilari eta apaiz gantzutuen jatorriko den Aristobulori eta Egiptoko juduei, agur eta zorion!
11 «Arrisku handietatik salbatu gaitu Jainkoak; horregatik, eskerrik beroenak ematen dizkiogu, Antioko erregearen kontrako borrokan lagundu digulako,
12 Jainkoak bota egin baititu kanpora Hiri Santuari erasotzen ziotenak.
13 Izan ere, beraien erregea, menderagaitza zirudien gudarostearekin Pertsiara heldu zenean, sarraskitu egin zuten Nanea jainkosaren jauretxean, Nanearen apaizek asmaturiko azpikeriari esker.
14 Antioko bere adiskideekin jauretxe hartara joan zen, jainkosarekin ezkontzeko aitzakiaz, horrela, ezkonsaritzat hango aberastasunak hartuko zituelakoan.
15 Nanearen jauretxeko apaizek agerian jarri zituzten aberastasunak eta, bere taldeko batzuekin erregea jauretxe barrura sartu zenean, apaizek itxi egin zuten jauretxea.
16 Orduan, sabaiko ate ezkutua ireki eta, harrika, zanpatu egin zituzten erregea eta beronen lagunak. Ondoren, zatikatu eta burua mozturik, kanpoan zeudenei jaurti zizkieten puskak.