12 Jainkoak bota egin baititu kanpora Hiri Santuari erasotzen ziotenak.
13 Izan ere, beraien erregea, menderagaitza zirudien gudarostearekin Pertsiara heldu zenean, sarraskitu egin zuten Nanea jainkosaren jauretxean, Nanearen apaizek asmaturiko azpikeriari esker.
14 Antioko bere adiskideekin jauretxe hartara joan zen, jainkosarekin ezkontzeko aitzakiaz, horrela, ezkonsaritzat hango aberastasunak hartuko zituelakoan.
15 Nanearen jauretxeko apaizek agerian jarri zituzten aberastasunak eta, bere taldeko batzuekin erregea jauretxe barrura sartu zenean, apaizek itxi egin zuten jauretxea.
16 Orduan, sabaiko ate ezkutua ireki eta, harrika, zanpatu egin zituzten erregea eta beronen lagunak. Ondoren, zatikatu eta burua mozturik, kanpoan zeudenei jaurti zizkieten puskak.
17 Izan bedi goretsia gauza guztietan gure Jainkoa, sakrilegioa egin zutenak horrela galdu zituelako!
18 «Kisleu hilaren hogeita bostean tenpluaren Garbikuntza Jaia ospatuko dugu. Zuei honen berri ematea egoki iruditu zaigu, zuek ere Etxola Jaia eta suaren jaia ospa ditzazuen. Horrela, Nehemiasek tenplua eta aldarea berreraiki eta sakrifizioak eskaini zitueneko garaia gogoratzen dugu.