19 Izan ere, gure arbasoak Pertsiara erbesteratu zituztenean, orduko apaiz jainkozaleek aldaretik sua hartu eta, inork jakin gabe, urik gabeko putzu handi baten antzeko osin-zulo batean gorde zuten eta bertan seguru utzi, toki haren berri inork ere ez jakiteko eran.
20 Anitz urteren buruan, Jainkoak nahi izan zuenean, Nehemiasek, Pertsiako erregeak bidalirik, su hura bilatzeko agindu zien, gorde zuten apaiz haien ondorengoei. Haiek, esandako sua ez, baizik eta isurki lodia aurkitu zuten. Atera eta eramateko agindu zien Nehemiasek.
21 Sakrifiziorako dena prest egon zenean, egurra eta egur gainean ezarritako oparigaiak isurki harekin zirtatzeko agindu zien apaizei Nehemiasek.
22 Hala egin zuten. Aldi baten buruan, ordu arte lainopean egoniko eguzkiak jo zuenean, izugarrizko sugarra piztu zen. Denak erabat harriturik gelditu ziren.
23 Eta oparigaiak erre bitartean, apaizek otoitz egin zuten, baita bertan zen jendeak ere apaizekin batera. Jonatanek ematen zuen hasiera, eta gainerakoek, Nehemiasek ere bai, erantzun.
24 Hona hemen otoitza: “Jauna, Jainko Jauna, gauza guztien egilea, izugarria, indartsua, zuzena, errukitsua; zu zara errege bakarra, zu on bakarra.
25 Zu zara emaile bakarra, zu zuzen bakarra, ahalguztiduna eta betikoa! Zuk salbatzen duzu Israel gaitz orotatik. Zuk hautatu zenituen gure arbasoak eta santu egin.