4 Lisiasek ez zuen kontuan, inola ere, Jainkoaren ahalmena. Harrotua zegoen hainbeste milaka gudari eta zaldun eta laurogei elefante zituelako.
5 Judean sarturik, Jerusalemdik hogeita hamar kilometrora dagoen Bet-Sur hiri gotor sendora hurbildu eta inguratu egin zuen.
6 Makabearraren aldekoek, Lisias gotorleku hura inguratzen ari zela jakitean, jende guztiarekin batera, hasperen eta negar artean, otoitz egin zioten Jaunari, Israel salbatzera aingeru ona bidal zezan.
7 Makabearrak, armak hartzen lehena bera izanik, adoretu egin zituen besteak, beren senideei laguntzearren arriskuari aurre egin ziezaioten. Eta denak batera ausarki oldartu ziren.
8 Han bertan, Jerusalemdik hurbil, zuriz jantziriko zaldun bat agertu zitzaien aurrean, eskuan urrezko armak zituela.
9 Orduan, denek aho batez Jainko errukitsua goretsi zuten. Erabat adoretuak eta kemenez beteak, prest zeuden gizonei ez ezik, basabererik amorratuenei eta burdinazko harresiei ere erasotzeko.
10 Guda-lerrotan jarririk, aurrera zihoazen, zerutiko laguna gidari zutela. Izan ere, errukitu egin zitzaien Jauna.