7 Makabearrak, armak hartzen lehena bera izanik, adoretu egin zituen besteak, beren senideei laguntzearren arriskuari aurre egin ziezaioten. Eta denak batera ausarki oldartu ziren.
8 Han bertan, Jerusalemdik hurbil, zuriz jantziriko zaldun bat agertu zitzaien aurrean, eskuan urrezko armak zituela.
9 Orduan, denek aho batez Jainko errukitsua goretsi zuten. Erabat adoretuak eta kemenez beteak, prest zeuden gizonei ez ezik, basabererik amorratuenei eta burdinazko harresiei ere erasotzeko.
10 Guda-lerrotan jarririk, aurrera zihoazen, zerutiko laguna gidari zutela. Izan ere, errukitu egin zitzaien Jauna.
11 Lehoiak bailiran erori ziren etsaien gainera. Hamaika mila gudari oinezko eta mila eta seiehun zaldizko hil zituzten eta, gainera, guztiei ihes eragin.
12 Gehienak zaurituak eta armak galdurik joan ziren ihesi; Lisias bera ere lotsagarri ihes eginez salbatu zen.
13 Lisias, ordea, ez zen zentzugabea. Jasan zuen hondamendia hausnartuz, hebrearrak menderagaitz zirela ohartu zen, Jainko ahaltsua lagun zutelako.