1 Hitzarmen hauek egin ondoren, erregeagana itzuli zen Lisias, eta juduek landako lanei ekin zieten.
2 Baina eskualde haietako gobernari batzuek —Timoteok, Geneoren seme Apoloniok, Hieronimok, Demofanek eta, gainera, zipretar gudarien buruzagi zen Nikanorrek— ez zieten bakean uzten juduei, ezta lasai bizitzen ere.
3 Behinola, Jopeko bizilagunek gaiztakeria izugarria egin zuten: Hiri hartan bizi ziren juduak, beren emazte eta haurrekin, jopetarrek prestatu zituzten itsasontzietara igotzera gonbidatu zituzten, juduen kontra inolako asmo txarrik izan ez bazuten bezala,
4 eta hiritar guztiek batera hartutako erabakia zela esanez. Juduek ontzat hartu zuten gonbita, bakean bizi nahi zutelako eta mesfidantzarik ez zutelako. Baina itsas zabalera heltzean, hondoratu egin zituzten. Baziren han gutxienez berrehun lagun.