10 Haien ausardia horrela pizturik, berotu egin zituen, jentilak zein desleial ziren eta beren zin-hitzak nola hausten zituzten esanez.
11 Gizon bakoitza armatu zuen, baina babeskiak eta lantzak ematen duten segurtasunaz baino gehiago hitz jatorrek ematen duten konfiantzaz, eta guztiak pozez bete zituen amets sinesgarri bat, ikuskari antzeko bat, kontatuz.
12 Hona hemen ikusi zuena: Onias, apaiz nagusi izana, gizon jator, eratsu eta atsegina, hizkera egokikoa, haurtzarotik onbide guztietan jarduna, besoak zabalik, otoitzean ari zen judu-elkarte osoaren alde.
13 Ondoren, beste gizon bat agertu zitzaion Judasi, ile-zuria, duintasun handikoa, tankera bikainekoa eta handitasunez inguratua.
14 Oniasek otoitz egin eta esan zuen: «Gizon hau Jeremias da, Jainkoaren profeta. Maite ditu bere senideak eta otoitz asko egiten du herriaren eta hiri santuaren alde».
15 Orduan, Jeremiasek, eskuineko eskua luzatu eta urrezko ezpata eman zion Judasi, hitz hauek esanez:
16 «Torizu ezpata santu hau; Jainkoaren dohaina duzu eta beronekin hondatuko dituzu etsaiak».