1 «Idazkietan datorrenez eta esan dugun bezala, sua hartzeko agindu zien erbesteratuei Jeremias profetak.
2 Gainera, lege-liburua eman zien erbesteratuei eta Jaunaren aginduak ez ahazteko eskatu eta beren pentsaera ez okertzeko, erbestean urrezko eta zilarrezko irudiak eta beraiek inguratzen zituzten apaindurak ikustean.
3 Halako zenbait aholkuren artean, legea beren bihotzetik urrutiratzen ez uzteko esaten zien.
4 Idazki berorretan esaten zenez, profeta, goi-agerpenaren eraginez, lagun batzuei oihal-etxola eta kutxa eramateko agindu eta mendira joan zen. Mendi haren gainetik, Jainkoak Israeli ondaretzat emaniko lurraldeari begira egona zen Moises.
5 Eta, hara heldurik, leize-zulo bat aurkitu eta bertara sartu zituen Jeremiasek oihal-etxola, kutxa eta usainki gozoen aldarea, eta leize-ahoa itxi.
6 Gerora, Jeremiasi lagun eginez joandako batzuk bertara itzuli ziren, bidea markatzeko asmoz, baina ezin izan zuten tokia aurkitu.