13 «Nehemiasen idazki eta oroitzapen-liburuetan ere kontatzen dira gertakari hauek; baita Nehemiasek liburutegia nola eratu zuen ere: erregeei, profetei eta Davidi buruzko liburuak eta eskaintzei buruz erregeek idatzitako gutunak bilduz, hain zuzen ere.
14 Era berean, Judas Makabearrak ere bildu zituen, egin izan dizkiguten gerrak direla eta, sakabanatuak zeuden liburuak. Eta orain eskura ditugu.
15 Horietakoren bat behar baduzue, bidali norbait bila.
16 «Garbikuntza Jaia ospatzear gaudelarik idazten dizuegu. Ederra izango litzateke zuek ere jai hau ospatzea.
17 Izan ere, herri osoa Jainkoak salbatu du, denoi eman digu lurraldea ondaretzat, baita erreinua, apaiz izatea eta santu izatea ere,
18 legearen bidez hitzeman zuen bezala. Jainkoarengan dugu itxaropena, eta errukituko zaigula espero dugu, eta zerupeko lurralde guztietatik bilduko gaituela toki santuan. Atera ere, gaitz handietatik atera gaitu, eta garbitu egin du toki santua.
19-23 «Zireneko Jasonek idatzitako bost liburuetan daude jasoak gertakari hauek: Judas Makabearraren eta anaien historia, tenplu handiaren garbikuntza eta aldarearen sagaratzea, Antioko Epifanes eta beronen seme Eupatorren kontrako guduak, judaismoaren alde ausarki borrokatu ziren gizon adoretsuen alde izandako zerutiko agerpenak. Gizon hauek, hain gutxi izanik ere, lurralde osoa hondatu eta atzerritar-talde handiei ihes eragin zieten, mundu osoan ospetsua den tenplua berreskuratu zuten, Jerusalem askatu eta baztertzeko zorian zeuden legeak berrezarri zituzten. Izan ere, Jauna, erruki handiz, beraien alde egon zen. Jasonek bost liburutan jaso zuen hau guztia liburu bakarrean laburbiltzen ahaleginduko gara.