2 Makabearrak 2:17-27 EABD

17 Izan ere, herri osoa Jainkoak salbatu du, denoi eman digu lurraldea ondaretzat, baita erreinua, apaiz izatea eta santu izatea ere,

18 legearen bidez hitzeman zuen bezala. Jainkoarengan dugu itxaropena, eta errukituko zaigula espero dugu, eta zerupeko lurralde guztietatik bilduko gaituela toki santuan. Atera ere, gaitz handietatik atera gaitu, eta garbitu egin du toki santua.

19-23 «Zireneko Jasonek idatzitako bost liburuetan daude jasoak gertakari hauek: Judas Makabearraren eta anaien historia, tenplu handiaren garbikuntza eta aldarearen sagaratzea, Antioko Epifanes eta beronen seme Eupatorren kontrako guduak, judaismoaren alde ausarki borrokatu ziren gizon adoretsuen alde izandako zerutiko agerpenak. Gizon hauek, hain gutxi izanik ere, lurralde osoa hondatu eta atzerritar-talde handiei ihes eragin zieten, mundu osoan ospetsua den tenplua berreskuratu zuten, Jerusalem askatu eta baztertzeko zorian zeuden legeak berrezarri zituzten. Izan ere, Jauna, erruki handiz, beraien alde egon zen. Jasonek bost liburutan jaso zuen hau guztia liburu bakarrean laburbiltzen ahaleginduko gara.

24 Ohartu gara, izan ere, eman beharreko zenbakiak asko eta gaia oso zabala direnez, nekagarri gerta daitekeela historiako gertakarietan murgildu nahi duenarentzat.

25 Horregatik, irakurketa soila egin nahi duenarentzat atsegingarri, sakonago aztertu nahi duenarentzat erraz eta liburu hau hartuko duten guztientzat onuragarri izango den zerbait eskaintzen saiatu gara.

26 Laburpen hau burutzeko eginkizuna hartu dugunontzat ez da izan, ez, lan erraza; izerdia isuri eta gaualdi asko eman behar izan dugu.

27 Bazkari ona eman nahi eta besteen atsegina bilatzen duenak ere ez du lan erraza hartzen. Baina besteei zerbitzua egitearren, gogo onez eramango dugu geuk ere neke hau.