13 Greziar ohiturak eta arrotzen joerak oso indartsu sartu ziren, apaiz nagusi ez, baizik eta zital handia zen Jason higuingarri haren eraginez.
14 Apaizek berek ere ez zuten aldareko zerbitzuaren ardurarik, gutxietsi egiten zuten tenplua, eta sakrifizioak eskaintzeari utzi. Diskoa jaurtitzeko deia egin orduko, jolastokira bizkor joan eta Jainkoaren legeak debekatzen dituen jokoetan esku hartzen zuten.
15 Ez ziren arduratzen beren aberriaren ohoreaz, eta greziarren arteko ospeak gogo bizienaz estimatzen zituzten.
16 Horrexegatik, egoera penagarrian gertatu ziren: greziarren jokabideak eta biziera hartu nahi zituzten, eta eredu eta imitagarritzat hartu nahi zituzten greziarrak berak bihurtu zitzaizkien etsai eta borrero.
17 Ezin dira Jainkoaren legeak hautsi ondoriorik jasan gabe, gerora ikusiko denez.
18 Tiro hirian lau urtez behingo jokoak, erregea bertan zela, egiten ari zirenean,
19 antiokiar hiritartasuna zuten jerusalemdar batzuk bidali zituen Jason nazkagarriak. Zilarrezko hirurehun txanpon zeramatzaten Herakleoren omenez egiten zen sakrifiziorako. Eramaileek, ordea, egokiago iritzi zioten diru hura opari hartan baino beste zerbaitetan eralgitzeari.