22 Jasonek eta hiritarrek ongietorri handia egin zioten, eta lastargi eta oihu artean sartu zen. Gero, Feniziaraino joan zen Antioko bere gudarostearekin.
23 Hiru urteren buruan, lehen aipatua dugun Simonen anaia Menelao bidali zuen Jasonek, erregeari dirua eraman eta garrantzizko arazoen negoziaketa egin zezan.
24 Erregeagana gizon handikiaren tankeran joanik, beretzat iritsi zuen Menelaok apaizgo nagusia, Jasonek baino zortzi mila kilo zilar gehiago eskainiz.
25 Erregearen agiria harturik, Jerusalemera itzuli zen Menelao. Ez zeraman deus ere apaiz nagusi izateko duin egingo zuenik, jauntxo ankerraren sumina eta basapiztiaren amorrua izan ezik.
26 Eta, bere anaiari tokia kendua zion Jasoni ere beste batek kendu zion berea eta ihes egin behar izan zuen Jasonek Aman lurraldera.
27 Menelao, ordea, agintearen jabe egin zelarik, ez zen arduratzen erregeari hitzemandako dirua ordaintzeaz,
28 gotorlekuko gudalburu zen Sostratesek eskatzen zion arren. Sostratesek zuen, izan ere, zergak biltzeko ardura. Orduan, biei egin zien dei erregeak.