5 erregeagana jo zuen. Ez zituen bere herritarrak salatu nahi, baizik eta herri osoaren eta herritar bakoitzaren ona bilatu.
6 Izan ere, ikusten zuen, erregeak erabaki ezik, ezin zela erreinuan bakea nagusitu, ez eta Simonen erokeriak geldiarazi.
7 Seleuko hil zenean, Antioko, izengoitiz Epifanes, hasi zen errege izaten. Oniasen anaia Jasonek beretzat lortu zuen azpikeriaz apaizgo nagusia,
8 elkarrizketa batean erregeari hamar mila kilo zilar aginduz eta, gainera, beste bi mila eta berrehun kilo beste errenta batzuetatik.
9 Beste lau mila kilo ordainduko zizkiola ere hitzeman zion, baldin eta bere kontura kiroldegia eta gazteentzako kirol-eskola eraikitzeko baimena ematen bazion eta Jerusalemgo bizilagunei antiokiar hiritartasuna ezartzen uzten bazion.
10 Erregearen oniritzia lortu eta aginteaz jabeturik, berehala behartu zituen Jasonek herritarrak greziarren biziera hartzera.
11 Aurreko urteetan emanak zizkieten seleukotar erregeek juduei zenbait eskubide onginahiz, Eupolemoren aita Joanen ahaleginei esker. Eupolemo hau zen erromatarrekin adiskidetasun- eta elkartasun-hitzarmena egitera bidali zuten mandataria. Jasonek, ordea, ezabatu egin zituen eskubide haiek eta, legezko erakundeak deseginik, Moisesen legearen kontrako ohiturak sartu nahi zituen.