23 Baina bere adinari, bere zahartzaroaren nagusitasunari eta lanean zuritutako ile agurgarriari zegokien jokaera ohoretsua hartu zuen Eleazarrek; haurtzarotik izan zuen jokaera bikainari eta, batez ere, Jainkoak ezarritako lege santuari jarraitu zien. Beraz, lehenbailehen hil zezatela agindu zien.
24 Honela ziotsen: «Gure adinean ez da egoki itxurak egitea; gazte askok uste izango du Eleazarrek, bere laurogeita hamar urteekin, atzerritarren biziera hartu duela,
25 eta, gelditzen zaidan bizitza laburrari eusteko, nik itxurakeria hori egiteagatik, gazteak okerbideratu egingo dira nire erruz. Neure zahartzaroa zikintzea eta lotsagarri egitea izango litzateke hori.
26 Eta, une batez gizonen zigorrari ihes egingo niokeen arren, ezin izango nuke Ahalguztidunaren eskuetatik ihes egin, ez bizirik, ez hilik.
27 Horregatik, neure bizia orain adoretsu emanez, nire zahartzaroari dagokion duintasunez agertuko naiz.
28 Eta ikasbide bikaina emango diet gazteei, lege santu eta agurgarriengatik gogotsu eta kementsu hilez».Hau esanik, makilakadak hartzera joan zen berehala.
29 Eleazar zeramatenek gogorkeria bihurtu zuten lehentxeago agertu zioten biguntasuna, esan berri zuena erokeriatzat hartu zutelako.