22 Gudari-talde bakoitzaren buru Simon, Jose eta Jonatan bere anaiak ezarri zituen, bakoitzaren menpe mila eta bostehun gizon jarriz.
23 Ondoren, liburu santua irakurtzeko agindu zion Eleazarri. Eta guda-deiadartzat «Jainkoa lagun!» emanik, lehenengo gudari-taldearen buru jarri zen bera eta Nikanorri erasotzen hasi.
24 Ahalguztiduna beren alde jarri zitzaielarik, bederatzi mila etsai baino gehiago hil zuten juduek; Nikanorren gudari gehienak zauritu zituzten, gorputz-adarrak moztu zizkieten eta denei ihes eragin zieten.
25 Esklaboak erostera zetozenen dirua hartu eta, bide aski luzean haien atzetik joan ondoren, itzuli egin ziren, ordua gainean zutelako.
26 Izan ere, larunbat-bezpera zen; horregatik ez zuten jarraitu haien atzetik.
27 Etsaien armak eta gainerako harrapakinak bildu zituztenean, larunbat-jaia egiten hasi ziren, Jauna handikiro goretsiz eta goraipatuz, bizirik eutsi zielako eta, egun hartan ere, bere errukiaren lehen tantak, ihintza bezala, isuri zizkielako.
28 Larunbat-biharamunean, harrapakinetarik zati bat pertsekuzioa jasan zutenen artean banatu zuten, beste zati bat alargun eta umezurtzen artean; gainerakoa beren eta beren seme-alaben artean.