24 Ahalguztiduna beren alde jarri zitzaielarik, bederatzi mila etsai baino gehiago hil zuten juduek; Nikanorren gudari gehienak zauritu zituzten, gorputz-adarrak moztu zizkieten eta denei ihes eragin zieten.
25 Esklaboak erostera zetozenen dirua hartu eta, bide aski luzean haien atzetik joan ondoren, itzuli egin ziren, ordua gainean zutelako.
26 Izan ere, larunbat-bezpera zen; horregatik ez zuten jarraitu haien atzetik.
27 Etsaien armak eta gainerako harrapakinak bildu zituztenean, larunbat-jaia egiten hasi ziren, Jauna handikiro goretsiz eta goraipatuz, bizirik eutsi zielako eta, egun hartan ere, bere errukiaren lehen tantak, ihintza bezala, isuri zizkielako.
28 Larunbat-biharamunean, harrapakinetarik zati bat pertsekuzioa jasan zutenen artean banatu zuten, beste zati bat alargun eta umezurtzen artean; gainerakoa beren eta beren seme-alaben artean.
29 Gero, otoitz egin zuten elkarrekin, Jaun errukitsuari bere zerbitzariekin erabat adiskidetzeko eskatuz.
30 Timoteo eta Bakidesen aldekoei ere eraso egin zieten juduek, eta hogei mila etsai baino gehiago hil zuten. Eta gailurretako gotorleku askoren jabe egin ondoren, harrapakin ugari hartu eta bi multzo berdinetan banatu zuten: bata berentzat hartu zuten eta bestea pertsegituen artean banatu, baita alargun eta umezurtzen eta zaharren artean ere.