3 baita hondatzen ari ziren eta ia erraustua zuten hiriaz ere, eta deiadarka ari zitzaion odolaren oihua entzun zezala;
4 haur errugabeen sarraski zuzengabeaz eta Jaunaren kontra botatako biraoez oroitu eta gaiztakeriari zion gorrotoa ager zezala.
5 Bere gudarostea antolatu zuenean, Judas Makabearra menderagaitz egin zen jentilentzat, Jaunaren haserrea erruki bihurtua baitzen ordurako.
6 Ustekabean heldu eta su ematen zien hiri eta herrixkei eta, gudalekurik egokienak harturik, ihes eragiten zien etsai-multzo handiei.
7 Gehienetan, gauaren babesa aukeratzen zuen erasoak egiteko. Haren ausardiaren entzutea denean zabaldu zen.
8 Judas ezarian-ezarian aurrera egiten ari zela eta haren garaipenak geroz eta gehiago zirela ikusirik, Filipok Ptolomeori —Koele-Siria eta Feniziako gudalburuari— idatzi zion erregearen interesak defendatzen laguntzera etor zekion.
9 Patrokloren seme Nikanor, erregearen adiskiderik gorenetako bat, izendatu zuen berehala Ptolomeok eta, nazio guztietatik gutxienez hogei mila gizonek osaturiko gudarostearen buru jarririk, judu-herri osoa suntsitzera bidali zuen. Eta Gorgias eman zion lagun, gerra-arazoetan oso ikasia baitzen gudalburu hura.