11 Orduan, gaitzak joa, bere handiustea galtzen hasi zen eta, etengabeko minaren minez, Jainkoaren zigorpean nolako egoeratan zegoen jabetzen.
12 Berak ere ezin baitzuen bere buruari zerion kiratsa jasan, esan zuen: «Bidezko da Jainkoaren menpe egotea. Hilkor denak ezin du uste izan Jainkoa adinakoa denik».
13 Madarikatu hura otoizka hasi zitzaion Jaunari; baina Jauna ez zitzaion errukitu.
14 Lehen Hiri Santua erraustera eta hilobi bihurtzera arrapaladan zihoan hark, orain hiria burujabe egingo zuela hitzeman zion Jaunari.
15 Lehen, hilobirako ez, baizik hegazti harrapari eta basapiztien janaritarako beste ezertarako ez zirela iritzi zien juduei eta berauen haurrei; orain, berriz, greziarren pareko egingo zituela zioen.
16 Lehen, lapurreta egin zuen tenplu santuan; orain, berriz, emari ederrez apainduko zuela, ebatsitako ontzi sakratu guztiak itzuliko zituela eta sakrifizioetan eralgitzen zena bere diruz ordainduko zuela zioen.
17 Gainera, bera ere judu egingo zela, eta jendea bizi zen alde guztietara joango zela, Jainkoaren ahalmena oihukatuz.