14 Lehen Hiri Santua erraustera eta hilobi bihurtzera arrapaladan zihoan hark, orain hiria burujabe egingo zuela hitzeman zion Jaunari.
15 Lehen, hilobirako ez, baizik hegazti harrapari eta basapiztien janaritarako beste ezertarako ez zirela iritzi zien juduei eta berauen haurrei; orain, berriz, greziarren pareko egingo zituela zioen.
16 Lehen, lapurreta egin zuen tenplu santuan; orain, berriz, emari ederrez apainduko zuela, ebatsitako ontzi sakratu guztiak itzuliko zituela eta sakrifizioetan eralgitzen zena bere diruz ordainduko zuela zioen.
17 Gainera, bera ere judu egingo zela, eta jendea bizi zen alde guztietara joango zela, Jainkoaren ahalmena oihukatuz.
18 Halaz guztiz, ez zitzaizkion oinazeak inola ere joaten, etorria baitzuen gainera Jainkoaren epai zuzena. Egoera hartan etsirik, gutun hau idatzi zien Antiokok juduei, eskari-eran:
19 «Antioko errege eta buruzagiak bere hiritar dituen judu prestuei agurrik beroena, osasuna eta ongizatea opatuz.
20 Espero dut, zuek eta zuen seme-alabak, Jainkoari esker, ongi izango zaretela eta gauzak zeuek nahi bezala aterako zaizkizuela.