5 Davidek, horren berri eman ziotenean, bere mandatari haien bila bidali zituen batzuk, oso lotsaturik baitzetozen. Esan zien erregeak:—Geldi zaitezte Jerikon, bizarra hazi arte. Orduan itzuliko zarete.
6 Amondarrak ohartu ziren gorrotagarri egin zirela Davidentzat. Horregatik, Bet-Rehob eta Tzobako aramearren artean hogei mila oinezko, Maakako erregearen mila gizon eta Tob-eko beste hamabi mila gizon hartu zituzten sari-truke.
7 Davidek, hori jakin zuelarik, Joab bidali zuen bere gudaroste adoretsuarekin.
8 Amondarrak irten eta hiriko ate aurrean prestatu ziren borrokarako lerrotan. Bai Tzoba eta Rehobeko aramearrak, bai Tob eta Maakako gizonak, berriz, beste toki batean ziren, landan.
9 Ikusi zuen Joabek aurretik eta atzetik zuela borroka eta, Israel osoko hoberenak aukeraturik, aramearren aurrez aurre ipini zituen borrokarako lerrotan.
10 Gainerako gudariak bere anaia Abixairen gidaritzapean utzi zituen lerrotan.
11 Joabek esan zion:—Aramearrak nagusitzen bazaizkit, zatozkit laguntzera; amondarrak nagusitzen bazaizkizu, berriz, ni joango natzaizu laguntzera.