1 Hurrengo urtean, erregeek guduari ekin ohi dioten garaian, Davidek Joab bidali zuen bere ofizialekin eta Israelgo gudari guztiekin. Amondarrak hondatu zituzten eta Raba hiria inguratu. Bitartean, David Jerusalemen gelditu zen.
2 Arratsalde batez, ohetik jaiki eta jauregiko etxe gainean harat-honat zebilen David. Etxe gainetik emakume bat ikusi zuen bainatzen. Oso ederra zen,
3 eta nor zen jakitera bidali zituen batzuk. Erantzun hau ekarri zioten:—Betsabe da, Eliamen alaba eta Urias hititaren emaztea.
4 Orduan, Davidek mandatariak bidali zituen, emakume hura ekar ziezaioten. Etortzean, David berarekin etzan zen; hilerokoaren garbikuntza egin berria zen emakumea. Ondoren, bere etxera itzuli zen Betsabe.
5 Haurdun gertatu zelarik, Davidi jakinarazi zion, esanez:—Haurdun nago.