10 Absalomek, ordea, mandatariak igorri zizkien Israelgo leinu guztiei, esanez:—Adar-hotsa entzun orduko, esazue: «Absalom errege da Hebronen».
11 Absalomekin batera, berrehun gizon gonbidatu joan ziren Jerusalemdik, xalo-xalo, deus ere jakin gabe.
12 Sakrifizioa eskaintzen ari zelarik, etorrarazi zuen Absalomek Gilotik Ahitofel giloarra, Daviden aholkularia. Azpilanak gero eta indar handiagoa zuelarik, gero eta jende gehiago ari zitzaion biltzen Absalomi.
13 Hartan, batek honela adierazi zion Davidi:—Israeldarren bihotzak Absalomen alde jarri dira.
14 Orduan, esan zien Davidek Jerusalemen berekin zituen zerbitzariei:—Goazen ihesi, bestela Absalomek ez digu ihesbiderik utziko. Zabiltzate bizkor; ez dadila gerta berak aurrea hartu, harrapatu eta hondamena ekarriz hiriko guztiok ezpataz garbitzea.
15 Zerbitzariek ihardetsi zioten erregeari:—Prest gaude gure errege jaunak erabakitakoa betetzeko.
16 Etxea zaintzeko hamar ohaide utzirik, oinez atera zen erregea etxeko guztiekin.