13 Hartan, batek honela adierazi zion Davidi:—Israeldarren bihotzak Absalomen alde jarri dira.
14 Orduan, esan zien Davidek Jerusalemen berekin zituen zerbitzariei:—Goazen ihesi, bestela Absalomek ez digu ihesbiderik utziko. Zabiltzate bizkor; ez dadila gerta berak aurrea hartu, harrapatu eta hondamena ekarriz hiriko guztiok ezpataz garbitzea.
15 Zerbitzariek ihardetsi zioten erregeari:—Prest gaude gure errege jaunak erabakitakoa betetzeko.
16 Etxea zaintzeko hamar ohaide utzirik, oinez atera zen erregea etxeko guztiekin.
17 Erregea eta bere lagun guztiak oinez kanpora zihoazela, hiriko azken etxearen ondoan gelditu ziren.
18 Zerbitzari guztiak erregearen ondoan zihoazen; keretar eta peletar guztiak eta Gatetik jarraitu zioten seiehun gizon gatarrak, berriz, erregearen aurretik.
19 Erregeak esan zion Itai gatarrari:—Gurekin etorri behar al duzu zuk ere? Itzul zaitez eta gelditu beste erregearekin; zu ere atzerritarra zara eta zeure herritik erbesteratua.