10 Erregeak, aldiz:—Hau ez da zuen arazoa, Tzeruiaren semeok. David madarikatzeko Jaunak agindu badio, nor ausartu «Zergatik ari haiz horrela» esatera?
11 Orduan, Davidek esan zien Abixairi eta bere zerbitzari guztiei:—Nire erraietatik ateratako semea ni hil nahian badabil, ez da harritzekoa benjamindar hori horrela ari izatea. Utziozue madarika nazan, Jaunak aginduko baitzion hori.
12 Beharbada, Jaunak nire atsekabea ikusirik, ongia ekarriko dit, gaurko madarikazioaren ordain.
13 David bere lagunekin bidez bide zihoalarik, Ximei ere hurbiletik zihoan mendi-maldan barna, madarikatuz, hurbiletik harriak jaurtiz eta hautsa harrotuz.
14 Erregea eta beronen jende guztia nekaturik heldu zen Jordanera, eta atseden hartu zuten han.
15 Sartu zen, bada, Absalom Jerusalemen bere aldeko israeldar jende guztiarekin. Berekin zuen Ahitofel ere.
16 Daviden adiskide Huxai arkitarra Absalomi joan zitzaion, esanez:—Gora erregea! Gora erregea!