5 Heldu zen David Bahurim zeritzan hiriraino. Ximei izeneko gizon bat, Gera-ren semea eta Saulen senitartekoa, atera zitzaion madarikazioka,
6 David erregearen eta beronen zerbitzari guztien kontra harriak jaurtiz. Gudariak eta jende guztia erregearen ezker-eskuin jarri ziren.
7 Ximeik honela zioen, erregea madarikatuz:—Alde, alde hemendik, odolzale eta maltzur-gaizto hori!
8 Saulen etxean isuri zenuen odol guztiaren ordaina eman dizu Jaunak! Erregetza kendu zenion, orain Jaunak zure seme Absalomi eman dio erregetza. Gaiztakeria hutsa zara, hiltzaile hori!
9 Tzeruiaren seme Abixaik esan zion erregeari:—Horrela madarikatu behar ote du zakur galdu horrek ene errege jauna? Uztazu joaten, eta lepoa moztuko diot.
10 Erregeak, aldiz:—Hau ez da zuen arazoa, Tzeruiaren semeok. David madarikatzeko Jaunak agindu badio, nor ausartu «Zergatik ari haiz horrela» esatera?
11 Orduan, Davidek esan zien Abixairi eta bere zerbitzari guztiei:—Nire erraietatik ateratako semea ni hil nahian badabil, ez da harritzekoa benjamindar hori horrela ari izatea. Utziozue madarika nazan, Jaunak aginduko baitzion hori.